Idatzi gabe dago euskarazko publizitatearen historia. Eta dagoeneko ehun urte baino gehiago ditu. 120 gutxienez. Gai polita tesi bat egiteko.
Koldo Izagirrek atal oso bat eskaintzen die euskarazko publizitatearen hastapenei, “Euskararen Historia txikia Donostian” liburuan. Bertan, lauzpabost aro bereizten ditu Izagirrek ordutik gaur arteko euskarazko publizitatearen historian (Donostiakoan behintzat).
Hemen azaldu genituen labur-labur.
Joan den urtean, Patxi Juaristi soziologoak ere arreta eskaini zion euskarazko publizitatearen historiari Euskaltzaindiaren
jardunaldi batzuetarako idatzi zuen artikulu
honetan.

Orain,
hemen jakin dudanez, Zeruko ARGIAn eta ARGIAn argitaratu ziren zenbait iragarki aukeratu eta sareratzen ari dira ARGIAkoak. Informazio iturri polita inondik ere euskarazko publizitatearen historia aztertzeko, asko eta askotarikoak baitira sareratzen ari diren
iragarkiak. Benetan bitxiak, kuriosoak asko.
Ikusiak genituen batzuk, Lander Garroren “Ez merkeenak! Bai onenak!” liburuan. Joxerra Garziak egin zion hitzaurrea laburtu eta gomendatu genuen
hemen.
Harribitxi gehiago ere izango da ziur asko liburutegi, gordailu eta ganbararen batzutan ilunpean, norbaitek argitara noiz aterako zain. Eta horrez gainera, azken hiru harmarkadatako euskarazko publizitate asko dago eskuragarri.
Bada nahikoa mami, zahar eta berri, euskarazko publizitatearen historia idatzi ez ezik,
publizitatearen ikuspegitik aztertu eta zenbait ondorio ateratzeko ere.
Zori hobea izango ote dugu tesi hori egingo duen autorearekin euskarazko publizitate ona egiteko kreatibo euskaldunak bilatzeko ahaleginetan baino…