Enpresak nahiz erakunde edo elkarteak, handiak nahiz txikiak, pribatuak nahiz publikoak, guztiak dira markak, eta guzti-guztiek dituzte mezuak komunikatzeko: produktuak saltzeko batzuek, ideiak gizarteratzeko bestetzuek.
Ondorioz, gainezka daude ohiko publizitate euskarriak ez ezik, baita hain ohikoak ez diren beste euskarri edo leku batzuk ere (albistegiak, telesailak, kaleak, (e)postontziak, autoak...). Eta aldi berean, publizitatea sahiesteko gaitasun handia garatu dugu guztiok ere.
Eszenatoki berri horretan, marka ausartenak beren xede-taldeengana jotzeko
bide alternatiboak ari dira bilatzen: ohiko publizitate euskarritan
hau edo beste
hau bezalako proposamen ezohikoak eginez;
han eta
hemen publizitate euskarri berriak asmatuz; albistegai bihurtzen diren
ekintza deigarriak antolatuz...
Aurrekontu potoloak eta marketing plan zabalak dituzten marka handientzat, ekintza osagarriak baizik ez dira komunikazio bide alternatibo horiek. Txikien kasuan, aldiz, esango nuke ondo kontuan hartu eta
landu beharreko eremua dela ezohiko marketinak eskaintzen diena, haiei zukua ateratzeko gaitasunaren araberakoa izan baitaiteke beren arrakasta komunikazioaren esparruan.
Urrutira joan gabe, egia esan, asko izan dira gure artean, aurrekontu faltagatik, sormena zorroztu, eta komunikazio ekintza ezohikoak burutu dituztenak beren
mezuak nabarmentzeko: Itoitzen alde burututako
hau eta
hura; demoen
aldarrikapen deigarriak; talde antimilitaristen eskutik
ikusi izan ditugunak;...
Guztien artean,
“giraldillen” komunikazio ekintza sonatu hura nabarmenduko nuke nik, komunikazio eraginkortasunaren aldetik, adibide eredugarri gisa.
1999ko abuztuaren 20a zen, eta Munduko Atletismo Txapelketaren inaugurazio ekitaldia hasi zuten Sevillan. Mundu osoko hirurogei bat telebista kate ari ziren ospakizuna zuzenean ematen, aldez aurretik ondo prestatua zegoen sinbolo desfilea aldatuko zuen zerbait gertatu zenean ezustean: “
Repatriation Bask prisoners” mezua zeramaten giraldilla batzuk agertu ziren eskenatoki nagusian, dantzan eta irriparrez. (Txapelketako maskota ofiziala zen giradilla).
Munduan barrena zabaldu zuten beren mezua Presoekin Elkartasun Taldeko kideek, milioika pertsonengana iritsiz. Baina lortu zuten audientziagatik baino gehiago, egin zuten ekintzaren zernolakotasunagatik azpimarratuko nuke kasu hura. Ez bakarrik baketsua izan zelako hasieratik bukaera arte,
kaltegabea guztiz; ezta oso ongi antolatu eta gauzatu zutelako ere soilik; batik bat
sinpatikoa eta
dibertigarria izan zelako baizik.
Primeran egokitu zen txapelketaren inaugurazio zeremoniara,
entretenimenduaren parte bihurtuz. Ez zuen ekitaldia oztopatu, aberastu baizik. Presoekin Elkartasun Taldeko batek adierazi zuen bezala, “helburua ez zen txapelketa boikoteatzea, munduak Euskal Herrian gertatzen denari buruz hausnar dezan lortzea baizik”.
Jendearen sinpatia irabazteko gai izan daitezkeen ekintzak antolatzeko, ekintza
erakargarri eta eraginkorrak pentsatu eta gauzatzeko alegia, sormena behar da.
Gurean, gizarte mugimendu batzuek eta aldian-aldian baizik ez dituzte egiten halakoak. Adibideek erakusten dutenez, ordea, aurrekontu potoloak ez dituzten enpresek, gizarte-eragileek eta erakundeek ere emaitza oso onak lortu ahalko lituzkete ezohiko marketinaren bidetik joz gero.
.- Ezohiko marketinaren inguruko blog bikaina.
.- Gai beraren inguruko beste webgune gomendagarri bat eta bi.
.- Ohiko eta ezohiko publizitate adibideak han eta hemen.
.- Sos Itoitz taldekoen ekintza ugari azalpen eta guzti.
.- Antimilitarista batzuek proposatzen dituzten "198 pertsuasio modu".
.- Ezohiko publizitatean diharduten batzuekin berriketan.
.- Madrilen ekintza hau debekatu zuten orain gutxi.
http://www.lacalle-online.com/noticias.php?id=74452&seccion=4
Gaur Berrian: "Euskal Herria askatzeko eskatzen zuen elkarretaratze batek Frantziako Tourreko tropela geldiarazi zuen etapa hasi eta gutxira."
Eta lau katu ikusten dira argazkian...
Ezin esan daiteke, ordea, sortzaileegia izan zenik edo marketinaren ikuspegitik egindakoa izan zenik. Esan nahi dut, gehiago dirudiela kexatzeko ekintza bat, jendea pertsuaditzen saiatzeko egindakoa baino.
Alde horretatik, sormena eta sinpatia faltatu zitzaizkion, baina etaparen hasieran izan zenez, ezin da esan, ezta ere, kaltegarria izan zenik haren martxarako (eta ondorioz, aldarrikatu nahi zen mezurako).
Hau da, aldarrikatzen zuten mezuaren kontrakoek begi txarrez ikusiko zuten ekintza seguru, baina aldeko gehienek ez zuten ziurrenik hain gaizki ikusiko, nire ustez.
Halako ekintza bat antolatzen denean, ordea, uste dut helburuak hori baino gehiago ere izan behar duela: aldarrikatu nahi duzunaren aldeko guztien onespena jasotzea, eta aurka daudenei kexarako aitzakiak eman beharrean, irriparra atera, eta "ondo pentsatu ditek kabroi hauek" pentsaraztea.
Horretarako sormena behar da, sormenarekin landutako ekintzekin bakarrik erakar daitezkeelako bi muturren artean dauden "epelak".