Joan den hilabetean egin zuen ikerketa soziologiko bat argitaratu berri du
hemen Eusko Jaurlaritzak, honako izenarekin:
EAEko herritarren iritziak "Aurrera doan herria / Un país en marcha" sloganari buruz.
EAEko herritarrok Eusko Jaurlaritzak bere publizitate kanpainetan erabiltzen duen "Aurrera doan herria / Un país en marcha" slogana ezagutzen ote dugun eta nola baloratzen dugun jakitea da ikerketa honen helburua.
Horrez gain, 2003an gai beraren inguruan jasotako antzeko datuak ere badituenez, haiekin alderatu ditu aurtengoak Lehendakaritzaren Azterlan eta Lege Araubide Zuzendaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak.
Ikerketak eman dituen datu nagusienak orden esanguratsu honetan eman ditzakegu laburtuta:
.- EAEko biztanleen
%56k baino ez du ezagutzen slogana. Hori erantzuten diote behintzat honako galderari:
Entzun duzu inoiz "Aurrera doan herria / Un país en marcha" slogan edo esaldia?.
.- Slogana ezagutzen dutenen herenak baizik ez du lotzen zuzenean Eusko Jaurlaritzarekin. Hau da, inoren laguntza edo iradokizunik gabe, EAEko biztanleen
%19k bakarrik lotzen du esaldi hori Eusko Jaurlaritzarekin.
.- EAEko biztanleen %86k dio
gustatu egiten zaiola slogana, eta ia beste hainbestek (%84k)
egokitzat jotzen dute Eusko Jaurlaritzaren kanpainetarako.
.- Bestalde, oso gutxik gogoratzen dute slogan hori agertzen den iragarki konkreturen bat.
(Garrantzitsua da argitzea, badaezpada ere, horrek ez duela esan nahi Eusko Jaurlaritzaren kanpainarik gogoratzen ez dutenik,
lelo hori zeramaten iragarkiak gogoratzen ez dituztela baizik).
.- Slogana ezagunagoa da orain, duela hiru urte baino (2003an %47k ezagutzen zuen, aurten %56k). Leloa daramaten kanpaina zehatzen oroimena orain dela hiru urte bezain eskasa da, ordea.
Ondorio asko atera daitezke datu horietatik, publizitatearen eraginkortasunaren inguruan eztabaidatzeko ere bai, jakina. Garrantzitsua iruditzen zaidan gorabehera bakar bati helduko diot, ordea.
Eusko Jaurlaritzak ez zuen egin hasieran, nik dakidala, gerora bere
claim bihurtu zuen esaldi hori plaza publikoan aurkeztu, azaldu eta bultzatzeko ahalegin berezirik, ez behintzat kontzeptu hori gizarteratzeko propio pentsatu eta gauzatutako kanpainarik (gaztelaniaz
campaña de lanzamiento esaten zaion hori).
Eta horregatik ez ezik, nire ustez, “
Aurrera doan herria / Un país en marcha”
claim-aren gizarteratzea ez da arrakastatsua suertatzen ari, besteak beste Eusko Jaurlaritzaren
iragarkiei amaieran itsasten zaien kartela batera mugatu dutelako haren presentzia.
Hori da, hain zuzen, kazetariek eta publizitarioek egiten duten lanaren arteko ezberdintasun nagusia: informatu egiten dute lehendabizikoek, pertsuaditu bigarrengoek. Zabaldu nahi duten mezua zuzenean esan egiten dute informatzaileek (pantailan jarri, gordin esan). Bilatzen ari diren erantzuna lortzeko bide erakargarri eta modu iradokitzaileagoak baliatzen dituzte pertsuaditzaileek.
Ez dago atzoko informazioa baino zera zaharragorik gaur. Pertsuasio jardunak emaitza gogoangarriagoak eman ohi ditu, ordea.
Ezin da esan Eusko Jaurlaritza publizitate ona egiteagatik nabarmentzen denik. Aldian-aldian kanpaina onak ere zabaldu eta izenpetu dituen arren, esango nuke ez dela, oro har, Espainiako Gobernua bezain iragarle ona, adibidez.
Eta ez dut uste hori aurrekontu gorabehera denik. Publizitateari funtzio informatzaile hutsa bete dezan eskatzeko duten joeragatik baizik. Iragarkiak egiten dituztenen beharra izaten dute iragarleek, baina ez informatzeko.
Barkatu, Iñigo, badakizu biziki maite zaitudala, baina inozoa izan behar da gero pentsatzeko kazetaritzak ez duela asmo pertsuasiborik. Kazetaritzaren historiak berak ezin hobeki erakusten du hori, hastapenetik egon baita oso lotuta kronika politikoari, hortaz propagandari eta pertsuasioari. Kazetaritza kontakizunean oinarritzen da, eta diskurtso bat eraikitzen du. Diskurtso horretan erabiltzen diren kategorien karga semantikoa kalkulatuta dago goitik behera, modu batera non iritzi publikoak zailtasun ikaragarriak dituen analitikoki aurre egiteko. Erabat faltsua da supuesto liberala non gizaki guztiek kondizio berberetan dauden informazioa dekodetzeko eta aztertzeko. Pertsuasioa, gainera, idazten hasi aurretik hasten da gainera, zeren eta informazioa tratatzeko erabiliko den genero periodistikoaren aukeraketak berak ikaragarrizko karga pertsuasiboa gordetzen du. Aipatu gabe doa badagoela pertsuasioaren hasiera aurreko fase baten kokatzea, batez ere agenda-setting deritzon horretan, alegia egunkarian sartzen den eta ez den informazioari dagokiona; berria(garria) zer den eta zer ez den erabakitzen den momentua.
Kazetaritza narrazio bat da, kontakizuna, eta edozein kontakizunetan bezala, elemento sinbolikoak dira diskurtsoa harilkatzen dutenak, figura erretorikoen bidez: metafora, metonimia e.a. Kazetaritzaren eguneroko ahalegin pertsuasiboak bere baitan biltzen ditu elementu beldurgarriak, elementu mitologikoak, elementu sinbolikoak, historikoak... Esango nuke kazetaritzak, gaineram publizitateak baino perfekzionatuagoa dauka bere pertsuasioa-sistema. Izan ere, kazetaritzaren sinesgaritasuna publizitatearena baino handiagoa da. BUkatzeko: zer da pertsuasiboagoa asmo pertsuasiboa aitortzen ez zaion komunikazio jarduera baino? Hori da kazetaritza. Kazetaritzak, bestalde, demokraziaren ezinbesteko elementu gisa posizionatua dago. Nago publizitateak posizionamendu arazo larriak dituela.
Bistan da, Iñigo, kazetaritzaren indar pertsuasiboa hain da handia eta perfekzionatua non zu zeu ere ez zaren konturatu :-)
Erakunde batzuetatik publizitatea nola egiten duten nuen aztergai. Eta horretarako, uste dut balio duela informazioa versus pertsuasioa bereizketak.
Jakina ba, gaur egun dagoen sistema propagandistikorik hedatu eta indartsuena hedabideena dela, eta "kazetaritza objektibo" hori duela oinarrian, ustez informatu egiten duena, eta berez, gu guztion pentsamoldeak moldatzen dituena egunez egun, orduz ordu, bizitza osoan zehar.
Ez nuen, ordea, hori hizpide. Erakundeetako komunikazio departamendu gehienetan arduradunak kazetariak izaten dira, eta sarritan, publizitatea egiten dutenean ere "informatzen" ariko balira jokatzen dutela nabarmendu nahi nuen; ez dituztela publizitatearen lege oinarrizkoenak ere betetzen alegia, gero publizitate tarte batean aterako den pieza bat egin edo onesterakoan. Eta hori igarri egiten dela gero emaitzetan.