Iritsi da
Fnac Euskal Herrira. Gaur arratsaldean irekiko dute aurreneko denda Donostian, eta Bilbon beste bat irekitzeko asmoa omen dute hurrengo urtean-edo.
Ez naiz oraindik dendan izan, jakina, eta ez dut ikusi zein tratamendu eman dioten euskarari, “elebitasunaren kontuari”, denda barruan. Ez dakit zein hizkuntz irizpide ezarriko zituzten bertako seinaleak eta abar diseinatzerakoan, zein jarrera eta jokabide izango duten orohar euskararekiko, euskaldunekiko, euskal produktuekiko eta abar.
Badira pare bat aste, ordea, Fnac-en iritsiera iragartzen duten
markesinak ikusten ari garela Donostiako kaleetan. Eta
gaztelera hutsez daude guztiak (nik hiri osoan zehar ikusi ditudan guztiak behintzat. Eta asko ikusi ditut).
Lau grafika ezberdin dira: “Ramontxus”, Ramones talde ezaguna gogorazten duen ilustrazio baten gainean; Haizeen Orrazea, a bildua eta argazki kamera bat irudikatzen; “La isla del tesoro” izeneko liburu bat, azalean Santa Klara uhartearen irudia duela; eta Star Wars-eko Darth Vader “Luke, soy tu aita” esanez Luke SkyWalkerri.
Herenegun, lau ilustrazio horiekin osatutako Fnac-en
enkarte bat zekarren El Diario Vascok,
gaztelera hutsean dago goitik behera hura ere.
Ikea etorri zenean ez bezala, inork ez du kexarik agertu, oraingoz behintzat, Fnac-ek bere publizitatean hartu duen euskararekiko jokaerari buruz. Ez dakit
euskarazko prentsan ere publizitatea egin dutelako izango ote den. Edonola ere, Fnac-en adibide honek argi erakusten du -Ikea etorri zenean
hemen aipatu genuen bezala- bi gauza oso ezberdin direla euskarazko komunikabideetan publizitatea egitea eta publizitatea euskaraz egitea. (Bietan egin nahi/behar genituzke aurrerapausoak, noski).
Poztu nintzen atzo Berrian orrialde osoko Fnac-en iragarki bat ikusi nuenean, eta gaur ere berriz poztu naiz orrialde osoko iragarkia zekarrelako berriz euskal egunkariak. Iragarkiak berak, ordea, ondoeza eragin dit.
Euskaraz dagoela ematen du, lehen itxura batean, euskaraz baitaude testurik gehienak, baina ilustrazioak ez dituzte ukitu ere egin, ezta haien barruko testuak ere. Gaztelerazkoaren
kalko txar bat besterik ez dute egin, beraz, euskaraz. Iragarki horrek euskaraz funtziona zezan nahikoa zenean “Altxorraren uhartea”, “Ramontxoak” eta “Luke, ni nauk hire aita” jartzea, adibidez.
Fnac marka “euskal herritartzeko” asmoa zuen publizitate kanpainak bigarren mailakotzat jo du euskara. Non, eta munduko probintziarik euskaldunenean. Zertan, eta kultur aisialdian diharduen marka batek…
Eta hemen ez da ezertxo ere gertatzen.
Atzo bertan izan nintzen Donostiako Fnac-en.
Haien aurreneko publizitate kanpaina ikusita pentsa zezakeena baino hobea da, nire ustez, dendan bertan topa daitekeen euskararen presentzia eta erabilpena.
Denda barruko seinaletika ia guztia ele bitan zegoen (sail ezberdinen izenak, PLVa...), eta iruditu zitzaidan gaztelerazko piezak gehiago baziren ere, euskara ez zela soilik bigarren mailako hizkuntza gisa erabiltzen, ez nabarmen behintzat.
Han izan nintzen denbora tartean bozgorailutik zabaldu zituzten hiru ohar entzun nituen, bi gazteleraz eta bat euskaraz; eta bertako bi saltzaileekin hitz egin nuen, batek larri baina euskaraz egin zidan, besteak euskara ez zekielako barkamena-edo eskatu ostean, gazteleraz eskaini zidan arreta.
Fnac-ek datorren zazpi astetarako egiten duen kultur programazioaren berri ematen da "Agenda Donostia" esku-orrian, eta oso presentzia urria du euskarak bertan. Are gehiago, datorren zazpi astetarako antolatuta dauzkaten hogeita hamar bat ekintzetatik, ematen du bi edo hiru besterik ez direla euskaraz izango.
Aurtengo irail honetatarako inprimatu duten doaneko argitalpena, ordea, gaztelera hutsean dago, baina baita euskaraz ere, oso-osorik (80 bat orrialde), hala nahiago duenarentzat: “Lagun arriskutsuak. Zinemaren, musikaren eta liburuen arteko harreman sekretuak”.
Denda barruko bai kartel eta bai publizitate euskarritan ikus daitekeenez, ez dituzte pieza elebidunak egin, gazteleraz daude batzuk eta euskaraz beste batzuk (edo pieza bera bi aldiz, hizkuntza bakarrean haietako bakoitza).
Lerro hauek ez dira ikerketa sakon baten emaitza, jakina, euskaldun patetiko baten iruzkinak baizik. Eta ez nuke euskararen polizia gisa agertu nahi (deseroso samar sentitzen naiz kontu kuantitatiboei arreta eskaintzen).
Esan nahi dudan gauza bakarra da, euskarari nolabaiteko arreta eskaini nahi diola ematen duen marka batek, ez duela publizitatea euskaraz txukun samar egiten asmatu. Ez dakitelako? Ez dutelako garrantzitsutzat jotzen? Euskadunei axola ez zaienez, ez delako beharrezkoa?...
Guztiz ados nago zurekin Iñigo.
Gaur goizean mezu honekin gogoratu naiz, kalean nindoala. Nere herriko gozodenda bateko nagusiak, ohar bat ipini du dendako paretan: "para los más txikis, lanzamiento de globos gigantes el día tal a la hora tal...". Nere artean pentsatu det: "pues los más txikis (zergaitik ez du chiquis ipini?) iruditzen zait, danak euskaldunak direla ala? Zergaitik ez du euskeraz ipini?
Kontua da, negozioa berea dala, eta erabakiak hartzea, berari bakarrik dagokiola. Fnac-en kasuan legez.
Kontua litzateke, euskaldunon aldetik, negozioa berea bai, baina erostunak gu gerala jakineraztea. Nola? Ba oso egokia litzateke nere ustez, hain justu publizitatea egitea. Publizitate deigarria, parregarria... boikota bultzatuz ez bada behintzat, egoera salatuz. Presioa, Fnac-ek negozioa planetako ze koordenadatan ipini duen kontutan har dezan.
Euskal mundutik boikotak bultzatzen saiatuta, gehiago dira, ia beti, euskal munduaren kalterako lortzen diren emaitzak, egiten diren aurrerapausoak baino, nire ustez.
Horretan bat gatoz, beraz, Patxi. Baina gero erabili duzun ("salaketa") hitz horrek, beharbada ñabardura kontua izan daiteke, baina inkomodatu egiten nau.
Presio bideak bilatzen saiatzeak baino gehiago seduzitzen nau pertsuasio bideak bilatzeak, argudio sendoak emateak, konbentzitzen saiatzeak; indarrez ezarritako neurrietan baino fede gehiago baitut nork bere kabuz hartutako erabakietan.
Eta horretarako, iragarleek euskaraz (ere) publizitatea egin dezaten konbentzitzeko, badaude argudioak. Baina nork helarazi behar dizkie? Nork hartu behar luke ardura hori? Guk, hiritar arruntok?
Ez al du merezi gai honi serio heltzea, modu antolatu batean, beste hizkuntza gutxitu batzuen ingurukoek egiten duten bezala?
Katalunyako FNACek publizitatea jartzen du vilaweb.com-en
Ados zurekin. Zalantza hondar bat geratzen zait hala ere. Ez dago inor gai honi serio heltzen ari zaionik. Eta beharbada posible litzateke presioa egitea, modu sotil eta eraginkorrak erabiliz? "Antipatikoak" ez samintzeko moduan? Bihotzak arrazoia lainotzen dit beharbada.
Kontua da, badala posible, zuk diozun bezela, gai honi serio heltzea, eta gauzak ondobidean jartzea. Ea ba, honetarako kapazitatea dutenak, egon badaude eta, honen garrantziaz jabetu eta animatzen diren.
Gaur Diario Vascon:
http://servicios.diariovasco.com/pg050923/prensa/noticias/Gipuzkoa/200509/23/DVA-GUI-434.html
Aupa,
Atzo iluntzean ikusi nuen nere eritzirako aspaldian ondoen euskaratutako iragarki bat. ESKERRIK ASKO uste dut zioela...
Ea asmatzen duzuen zeri edo nori buruzkoa zen.
Ona, oso, adibidea...
Oraintxe ikusi dut aurrenekoz, orain hamar minutu, “Urriaren 12a. Jai Nazionalaren eguna” dela eta, “espainiar guztiei eskerrak” ematen dizkien/dizkigun iragarkia telebistan, euskara dotorean lokutatua, pantailan sobreinpresioak euskaraz eta bandera espainola behin eta berriz erakutsiz... Onena da ETB1en ikusi dudala...
Norbaitek lortzen baldin badu, bidal iezadala mesedez, gordetzekoa dela iruditzen zait eta.
Hementxe, penintsulako hizkuntza guztietan...
http://www.mde.es/actualidad/diaffaa/diaffaa.htm
Txunditzekoa benetan...
Eskerrik asko benetan.
Oso ona dokumentu-lotura hori: garai berrien adierazle? Halakoetara ohitzen hasi beharko dugu? Onerako ala txarrerako? (Eztabaida luzerako eman ahalko luke azken galdera horrek)...
Ohartxo bat besterik ez. Spot-a ez dago "penintsulako hizkuntza guztietan", Espainiakoetan baizik. Ez alferrik, honakoa du mezu nagusia: "Eskerrik asko espainiar guztiei indar armatuei emandako laguntza eta konfiantzarengatik".
Eta zuzenketatxo bat: goragoko mezuan esan nahi nuen, ETB 2n ikusi nuela spota euskaraz, ETB 2n euskaraz spot hori...
Off-Topic:
Gatza eta piperra!!!!!
http://www.elmundo.es/elmundo/2005/10/24/comunicacion/1130170641.html
Ayo...