2005-07- 4Marcos komandanteordea, komunikazioan aditu (eta III)
Asmo handiko marka guztiek behar izaten dute lehen kanpaina indartsu eta deigarri bat, hasieratik ezagunak eta begiz joak izateko. 1994ko urtarrilaren 1ean aurkeztu zituzten beren buruak plaza publikoan EZLN mugimenduak eta haren bozeramale Marcos komandanteordeak.
Ez zuten, ez, edozein egun aukeratu. EEBBek, Kanadak eta Mexikok izenpetutako Tratado de Libre Comercio de América del Norte delakoa jartzen zen martxan egun hartantxe, eta dena prest zegoen urteko aurreneko egunean hamaika titularretan irripartsu eta harro irten zedin mundu osoko hedabideetan Carlos Salinas de Gortari presidentea, baina ez zuen izan festarik azkenean. Altxamenduaren egunean, lehenbailehen zenbait hedabide indarrez hartu, eta bozgorailu gisa erabili zituen EZLNek indigenen mezuak gizartera eta atzerriko beste komunikabideetara helarazteko. Ekintza hura bidezko gudu gisa agertzeko ahalegin handi eta argiak egin zituzten hasiera-hasieratik, armak hartzera zergatik zeuden “behartuta” azalduz. Urtarrilaren 6an Chiapas inguruan aztoratuta zebiltzan turistak lasaitzeko, zera esan zien Marcos komandanteordeak: "Barkatu eragozpenak, baina iraultza da hau". EZLNren arrakasta mediatikoa eztabaidaezina izan zen. Hedabideetan "indigenen eskubideak", "txirotasuna", "marginazioa" eta "neoliberalismoa" bezalako kontzeptuak agertzen hasi ziren. Albiste agentziek berriemaileak bidali behar izan zituzten Chiapasera, inork ez zekielako astebete edo luzeago joko ote zuen kontu hark. Kazetariek egunero ematen zuten hango berri (indigenen bizi-baldintzak, talde etniko ezberdinen arteko harremana Chiapasen...), albiste nagusia bere testuinguruan uler genezan. Lehen kanpaina hartatik aurrera zapatismoaren sua eta itzala bizirik mantentzen asmatu zuten urtetan EZLNkoek, komunikatuekin, komandanteordeak hedabideetan izan zituen agerraldi eta karta gurutzaketekin... Beste ekintza handi bat antolatu zuten gero, ordea, mugimenduak indar berriz has zezan mende eta milurteko berria. 2000. urteko abenduaren 1ean “indigenen duintasunaren aldeko karabana” hasi zuten. Republikaren hiribururantz abiatu ziren indigenak gobernu osatu berriarekin hitz egitera, eta Chiapasera bueltatu behar izan zuten hedabideek martxa haren berri emateko. Fox presidente hautatu berriari begira zeuden asko nazioartean, eta ezin zion ezetz erantzun Marcosek luzatutako elkarrizketa eskaintzari. Zapatour entzutetsua hasi zuten orduan, komunikazio ekintza ondo hausnartu eta gauzatu bat. Mexikar iraultza garaian Emiliano Zapatak egindako bide berbera egiten hasi ziren EZLNeko 23 Komandante eta Markos bozeramalea Distrito Federaleraino joateko. Ibilbidean zehar, geldialdietan hitzaldiak ematen zituzten, elkarrizketak eskaintzen, eskuorriak banatzen... Centro de Información bat ere bazuten antolatua (prentsa bulego bat beste izen batekin) informazio jarioa zentralizatu eta zabaldu beharreko mezuak ondo lotzeko. Gobernuak mundu osoko hedabideak gainean zituenez, ezin zuen konponbide baketsu baterako aukeraren kontrako itxura eman, eta zazpi urte zeramatzan altxamenduko arduradunak armarik gabe iritsi ziren legebiltzarrera. Ordurako mundu osotik hurbildutako intelektualak eta bolondresak karabanarekin zihoazen, gainera, erdi jakinminez erdi txundituta. Emakume indigena batek hartu zuen han hitza, eta ez Marcosek askok espero zuten bezala. Komandanteordeak ez zuen kongresuan hitz egin, han kaputxarekin itxura dramatikoa emango omen zuelako; eta kaputxa kentzen bazuen, gorabehera hori bihurtuko zelako albiste eta ez indigenen mezua. Markosek argi zeukan, gainera, ez zutela Fox presidentearekin batera argazki berean aterako... Misteriotsua izaten jarraitzen du gaur Marcos pertsonaiak, baita haren komunikaziorako sen bereziak ere, eta oraindik emango du zer ikusi eta ikasia seguru. Gai honen inguruan, informazio gehiago nahi duenarentzat: .- Marcos komandanteordearen inguruko webgune dotore eta mamitsua. .- Marcosen eta EZLNren inguruko gorabehera guztiak ondo laburtuta. .- EZLNren webgunea. .- Chiapaseko berri ematen duen webgune alternatiboa. .- Zapatisten aldeko talde kataluniar baten webgunea. .- Liburu benetan gomendagarria komunikazioaren inguruko interesa duen edonorentzat: "Guerrilla y comunicación. La propaganda política del EZLN". Miguel Vázquez, Águeda Gómez eta Salvador Leetoy (Catarata argitaletxea, 2004). |
Honi buruzAzken artikuluakKomunikazio gaitasuna lantzeko oparia
2008-04-15 Euskalgintzaren modernizazioa, abertzaletasunaren modernizazioa 2008-01-11 Màrqueting lingüístic (eta II) 2007-10-23 Màrqueting lingüístic (I) 2007-10-10 Manifesto publicitario da língua 2007-10-02 BilatuEdizioa |
Asko dira Marcosen komunikaziorako gaitasun berezia erakusten duten pasadizuak. Hona hemen bi adibide:
.- Prentsaurrekoa ematen ari zen batean, aurrean dozenaka kazetari zituela, haietako batek hamaika aldiz errepikatu zion ea noiz kendu behar zuen mozorroa. Isiltasun labur baten ostean, ea zergatik ez zuen kenduko erantzun zion komandanteordeak kazetariari, orduantxe bertan, han kenduko zuela. Isiltasun luze bat egin zen gero. Zeharo erne eta prest zeuden argazkilari eta telebista kamera guztiak. Bat-batean, ordea, “ez!” esan zuen ahots batek publiko artetik, “ez, ez, ez” esanez jarraitu zioten beste ahots batzuk. “Ondo da” esan zuen Marcosek, “goazen bozkatzera. Nork nahi du Marcosek kaputxa kentzea?”. Inork ez zuen besoa altxa. “Eta nork nahi du jarrita eduki dezan?”. Eta bertan zeuden ia guztiek altxa zuten besoa. Irripar aztoratuak hasi ziren gero, alibiozkoak.
Kazetari batek kontatu zuen une oso berezia izan zela hura, aurpegi jakinik gabeko heroi berri bat ari zela sortzen han, eta jendeak miresmena ziola, beste mundu bat posible zela erakusteko gai ematen zuelako gizon hark.
.- Telebistako umore saio batean baino gehiagotan ere elkarrizketatu izan dute komandanteordea. (“Gaztetan Corte Inglés-en lan egindakoa” zela esan zion behin elkarrizketa batean aurkezleari telebistan, gaur egungo gizartea ondo ezagutzen duela eta hankak lurrean dituela aditzera emanez zeharka). Batzuek ez dituzte seriogitzat jo mota hortako elkarrizketak, baina Marcosek bazekien agerraldiak dosifikatuz eta behar bezala planteatuz, telebistak bere irudia eta bere mugimenduarena erakargarriago bihurtzeko aukera ematen ziola. Eta hala izan da.
Mexikar agintariek ez dute eztabaida publikorik nahi berekin. Eta zapatisten mezua neutralizatzeko, Marcosen inguruko isiltasun mediatikoa lortzea dute arma nagusi eta ia bakar.
Oihaneko bere ezkutalekutik atera, eta ekintza original bat jarri du martxan beste behin: Che Guevarak bere garaian egin zuen bezalaxe, motoz abiatu da, herriz herri, hark egindako bide bera modu berean ekiteko.
http://www.berria.info/hemeroteka/inprimatzeko.php?htmla=BERRIA/y2005/m12/d20051231/p00020011.html
http://www.elmundo.es/elmundo/2006/01/02/internacional/1136222824.html