Publizitatea egiteko bide eta leku berrien bila ari dira iragarleak, eta ikusteko dago oraindik noraino iritsiko garen. Noraino eramango duen gizakiak publizitatea.
Hona hemen bi adibide deigarri:
.- Orain gutxi Sareko Argian plazaratu zuten
artikulu honetan, publizitate euskarri oso bitxi baten kasua azaltzen dute: haurdun zegoen emakume batek, jende askok tripara begiratzen ziola ikusita, enkantean jarri zuen bere tripa
eBay atarian. Gehien ordaintzen zionaren publizitatea eramango omen zuen emakumeak
kamiseta batean jantzita haurdunaldiak irauten zion denbora tartean...
Ostatu edo motel-kate batek honako mezua jar zezan ordaindu nahi izan zion haurdunari: “Gera zaitez horrela OL Alfile motelean”. Azkenean, ordea, posta konpainia baten mezua eraman
omen zuen: “Postariak beti entregatu ohi du”.
.- Gizon estatubatuar batek ilea zerora moztu eta buruan edozein tatua egiteko prest zegoela iragarri zuen. Eta dirua eskaini omen diote
buruan marihuana hosto bat tatuatzeagatik eta hura “legalize it” mezuarekin batera eramateagatik.
Noraino eramango du gizakiak publizitatea? Erotzen hasiak al gara? “Ez nago erotuta. Irrigarri geratuko naiz agian, baina nire alabaren ikasketak ordainduko ditut ateratako diruarekin”, esan zuen publizitate-tatuaren “jabeak”...
Zenbait lekutan doan hitz egin daiteke telefonoz, beti ere
publizitate etenak onartuz gero elkarrizketetan. Guztiok ikusi ditugu noizbait
kalean hanburgesaz-edo mozorrotutako sandwich-gizonak.
Hedabideetan agertzen diren albiste asko ere gehiago dira publizitatea “informazioa” baino...
Buruan bere borondatez, inoren dirurik trukean jaso gabe alegia, marihuana hosto bat eta “legalize it” mezua tatuatzen dituenak publizitatea egiten al du? Kamisetan mezu bat, musika talde baten izena edo logo bat daramana ere ez al da ari publizitatea egiten?
Non dago, orduan,
publizitatea zer den eta zer ez lasai adierazi ahal izateko muga?