Iritsi da
Ikea Euskal Herrira, guztiok dakigunez Barakaldon ireki zituen ateak herenegun, eta dagoeneko ondoeza sortu du askoren artean euskararekiko sentiberatasun eskasa agertzen ari delako, besteak beste.
Kontseiluko idazkari nagusiak eskutitz bat bidali zion Ikeako zuzendari orokorrari bere kezka agertuz (sarean topa daiteke
osorik, argazki esangurutsu eta guzti, edo
laburtuta). Kontua da:
.- Udazkenetik harremanetan egon dira Kontseilua eta Ikea, Barakaldoko saltoki berrian euskararen erabilera ziurtatzeko, baina Kontseiluaren ustez harreman horiek ez dute nahi bezalako emaitzarik eman.
.-
Langile elebidunak kontratatu ditu Ikeak, baina
saltokiko errotulu gehienak gaztelania hutsean daude. Bi euskarri daude bakarrik bi hizkuntzetan, eta euskara azpian eta modu testimonialean dutela betiere.
.- Ikeak prentsan egin duen publizitatea dela eta, Kontseiluak salatu du
ez duela euskarazko prentsa kontuan hartu.
.- Eta kezkatuta agertu da Kontseilua Ikeak Katalunian ez zituelako bete agindutako zenbait neurri.
Nik, nire aldetik, Donostian eta inguruetan behintzat, euskara hutsean zeuden Ikearen markesina gehiago ikusi ditut gaztelania hutsean zeudenak baino; telebistan eta irratian bi hikuntzatan zeuden iragarkiak ikusentzun ditut; baina postontzian jaso nuen Ikearen foiletoan,
presentzia testimoniala baino ez zuen euskarak azalean, eta barrualdeko orrialde guzti-guztiak gaztelera hutsean zeuden gainera.
Asko dira gure artean euskarari Ikeak baino arreta gutxiago eskaintzen diotenak, baina batak ez du bestea kentzen:
euskararekiko sentiberatasun gutxi ari da erakusten suediar multinazionala, Media Markt erakusten ari dena baino pobreagoa adibidez. (Zer egingo ote du Fnac-ek datorren urrian Donostiara iristen denean?).
Ez nator guztiz bat, ordea, Kontseiluaren iruzkin guztiekin. Gauza bat da publizitatea euskaraz egin dezaten eskatzea, eta oso bestelakoa, iragarle bati publizitatea non egin behar duen esatea.
Eta ondo iruditzen zait Ikeak bere komunikazio pieza eta ekintzetan euskara erabil dezan lortzeko bideak bilatzen saiatzea, eta euskarazko prentsan (ere) publizitatea egin dezaten ahalegintzea, baina
zer egin daiteke helburu horiek lortzeko?
Galdera polita hori. Neka dezagun pixka bat burua. Uztarria.com-eko
eztabaidan batek baino gehiagok proposatzen duen bidetik, altzariak eta etxerako apaingarriak erosteko garaian ere militantzia eta konpromisoa eskatuz, edo legearekin mehatxatuz, nekez lortuko baitugu ezer.
Kaixo,
gaiari beste ikuspuntutik helduta, zer iruditu zaizue Ikeak egin duen publizitate- kanpaina? Niri nahiko kaskarra iruditu zait.
Suposatzen dut omnipresentzia horrek bere etekinak lortuko dituela eta eragina izango duela erosleengan, baina dotorezia gutxiko kanpaina iruditu zait, euren poterea erakutsi dute, baina grafismo eta mezu aldetik niri oso pobrea iruditu zait.
Egin dituzten irrati kuñak iruditu zaizkit niri lortuenak, baina ez nuke esango telebistarako eta prentsarako iragarkiak kaskarrak direnik.
Nonbaitera iristen direnean jartzen duten aurkezpen kanpaina izatearen itxura du aurreneko honek. Hala ere, beren kanpainaren lorpen handiena estrategikoa izan da nire ustez. Kazetariek bere egin eta bazter guztietara zabaldu baitute zer "fenomenoa" den Ikea.
Europako marka handi eta ezagunen artean dago Ikea, iragarle ona delako besteak beste. Presio publizitario handia egiteaz gainera, sormen proposamen erakargarriak ere egiten dituelako askotan.
Sari asko irabazi ditu Ikeak publizitate jaialditan, baina horrek ez du nahi esan beti asmatzen dutenik, jakina. Hona hemen, nahi izanez gero, Ikearen spot batzuk:
http://www.commercialcloset.org/cgi-bin/iowa/themes.html?brand=155&searchwords=IKEA
Ondo izan.
Bueno, egia da, ezin daiteke txarrak direnik esan; azken finean, populismoaren bidez ari dira desenbarkatzen marka haundiak gurean (lehenengo Media Mark, hauek benetan agresiboak dira, orain Ikea). Populismoa da erabili behar duten estrategia milaka, milioika bezeroengan ailegatzeko, baina azken finean populismo horrek askotan pobretu egiten du publizitatea.
Ikearen kasuan ia masaren alienazioa goraipatzen dute: jende mordoa ilara egiten, pertsona bakar bat balitz bezela jokatzen... dena oso ondo pentsatuta dago. Masa erosle bat eta gainera zoriontsua aurkezten digute eta hori da Ikea: denok gusto berdinak, mueble berdinak etxean, ohitura berdinak: zapatuetan hipermermatura. Bua! hau gehiegi da, tesi doktoral baterako ematen du.
Publizitatea gustazen zait, baina ez dut gehiegu ulertzen...
Euskararena alde batera utzita, Media Mark-en kanpainak ez al dira oso eraginkorrak? Oso onak direla iruditzen zait niri.
Onak dira efektua lortzen badute euren publiko objetiboan, eraginkorrak badira euren publiko objetiboan. Eta alde honetatik suposatzen dut (ez daukat daturik) baietz, lortuko zutela.
Baina publizitate oso agresiboa da, hemen ez gaude ohituta hain iragarki agresiboak ikusten, eta mezu eta grafismoaren aldetik, kutrea esango nuke nik.
Baina hauek, Ikea bezala, maila bajua/ertaineko masa batengana zuzentzen dira eta publiko honek ez du fintasunik behar. Media Markt-en kasuan, batez ere, eta Ikea-rena ere bai, prezioak dira euren armarik fuerteena; horregatik oso zuzenak dira, nahiz eta Ikeak beste gauza asko "saldu" ere. Ez prezioa soilik.
BMK-k edo Louis Vouitton-ek sekula ez luke erabiliko komunikazio estilo hauek.
Egia da, ez gaude ohituta halako publizitate "agresiboa" ikustera: "Ni ez naiz tontoa"; "Behera galtzak!"... Baina beren marka prezio merkeen kontzeptuari lotuta agertzeko, zeharo eraginkorra zaie komunikatzeko modu hori. (Ez dezagun ahaztu beste herrialde batzuetan testatuta dauzkaten kanpainak aplikatzen ari direla hemen).
Galdera da: prezio merkeak iragartzeko nahitaez egin behar al da publizitate kutrea edo batere fintasunik gabe landutakoa?
Ezetz erantzungo nuke nik, beti ez dela beharrezkoa eta horren adibide dira Ikearen spot asko.
Egia da, ordea, itxura fina agertzen duenari dotoretasun maila jakin bat aitortzen diogun bezala, begietatik itxura pobrea emanez sartzen zaigunari merke irudia eman ohi diogula. Carrefour edo Eroskiren publizitate kanpaina kutre itxurakoek, adibidez, ez al dute sinisgarritasun hori bilatzen?
Eta, sektorearen araberakoa ere izango da kontua. Izan ere, erropa saltzen baduzu, eta prezio merkeen aldeko marketing politika aplikatzen ari baldin bazara (Zara, adibidez), behartuta zaude nolabait erakustera erropa hori konpetentziarena bezain duina dela bai diseinu eta bai kalitatearen aldetik, eta orduan denda txukunak jartzen dituzu, poltsa dotoreetan biltzen duzu erropa eta abar.
Saltzen duzun produktuaren funtzionaltasuna bada garrantzitsuena, aldiz, Media Markt-en produktu gehienen kasuan bezala, orduan eraginkorragoa zaizu beharbada hain dotore itxura eman gabe eskaintzen duzun etekin nagusiari zuzenean (eta modu basati samarrean) heltzea.