Gaur
aurkeztu dute Donostian Andoni Egañak, Joxerra Garziak eta Kike Amonarrizek euskararen kalitateari buruz, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeak hala eskatuta, idatzi duten txostena: “
Euskararen kalitatea. Zertaz ari garen, zergatik eta zertarako”.
Bertan, kontu ugari aipatzen dira euskarazko publizitatea egiten dugunok ere aintzat hartu behar genituzkeenak (publizitate itzultzaileek barne). Eta bide batez esanda, zinez eskertuko nuke liburuak eraginik izango balu euskaldun publizitariook sortzen ditugun titular eta testuak “zuzentzen” dituzten zenbait enpresetako “euskara arduradunengan”... (Zenbat pasadizu jasan ote ditudan Zuzentasunaren izenean!)
Euskarazko
publizitatearen esparrurako propio, bi aholku edo proposamen ere egiten dira txostenean. Amaiera aldera, lan ildoak proposatzerakoan, honakoa diote zehatz-mehatz egileek Euskararen Aholku Batzordeak bere egin duen testuan:
1.- “Iragarle euskaldunak (eta batez ere erakundeak) ohartarazi ezinbestekoa dela euskararen presentzia hasiera-hasieratik bermatzea publizitate prozesuetan.”
2.- “Orobat ohartarazi publizitatean zuzentasuna eta jatortasuna egokitasunaren zerbitzuan daudela beti, eta ez alderantziz.”
Bigarren aholku horrek txostenaren tesi nagusia ekarri nahi du publizitatera (zinez poztuko ginateke lortuko balu), eta aurrenekoa, berriz, zeharo bat dator hemen behin eta berriz errepikatu dugun ideia batekin: publizitate kanpaina osoa erdaraz pentsatu eta moldatu ostean, azkeneko unean euskaratzen baldin bada (ia beti egin ohi den bezala), horrela ezingo da inoiz ez kalitatezko publizitaterik egin euskaraz ez kalitatezko euskara zabaldu publizitatearen bitartez.
Hona hemen, norabide horretan,
proposamen oso konkretu bat, praktikara erraz eramateko modukoa:
Iragarle euskaldunek (erakundeek batez ere) eskatu behar diete publizitate agentziei zera, sormen proposamena aurkezten dieten une berean, erakuts dezatela proposatutako ideiak euskaraz (ere) primeran funtzionatzen duela. Ideiak ezingo du balio, jakina, agertuko den hizkuntza guztietan funtzionatzen ez badu.
Askok beren publizitate kanpainetan hizkuntzaren erabilera sexistarik ez egiteko esijitzen duten bezalaxe, berdin-berdin eska dezakete euskararen presentzia ez dadila anekdotiko hutsa izan, baizik eta funtzionala eta eraginkorra.