Chupa chups bat erosi ohi dugu, eta ez makildun gozoki bat;
kleenex-ak eskatzen ditugu paperezko musuzapiak nahi ditugunean;
jacuzzi esaten diegu edozein markako burbuiladun bainerei...
Marka jakin baten
izena hitz arrunt bilakatzen denean, komunikazio komertzialak lor dezakeen gauzarik handienetako bat gertatzen da; gauza handia baita, komunikazioaren ikuspuntutik, jendeak produktu bat izendatzeko marka jakin baten izena erabil dezan lortzea.
Desabantailak ere izan ditzakeen arren, abantail nabarmenak ditu izen generiko izatera iritsi den marka-izen bat edukitzeak.
Albal papera gehiagotan eskatzen dugu zilarrezko papera baino;
post-it bat eskatzen dugu ohartxoak hartzeko paper txiki bat behar dugunean;
aspirina bat buruko mina dugunean... Eta horrek eragina du azkenean salmentetan.
Izen generikoen atzean hiru elementu egon ohi dira: produktu berritzaileak dira, behar oso zehatz bat asetzera edo eskaintza berri bat eginez datozenak; izen
ona eta gogoangarria izan ohi dute; eta komunikazioaren aldetik modu eraginkorrean gizarteratutakoak izaten dira.
Marketinak eta komunikazioak eragin handia dute bizi garen gizartean, gure bizitzan, gure “kulturan”. Horren adierazle txiki ere badira aipatzen ari garen izen generikoak; izan ere, bere garaian produktu jakin baten marka-izen zirenak, eguneroko hizkuntzan erabiltzen dira gaur. Areago,
hiztegietan jasota daude haietako batzuk.
Tampax,
jacuzzi,
tebeo,
chupa-chups,
tabasco,
biquini eta
aspirina hitz zeharo arruntak dira honezkero gazteleraz, eta hala ditu jasoak Real Academia de la Lengua Españolak bere hiztegian.
Herrialde “ekonomikoki aurreratu” guztietan daude antzeko
adibideak:
mobylette esaten omen diete motor txikiei Frantzian. Suitzarrek
nutella deitzen diote hemen
nocilla esaten diogunari. Alemanian
edding esaten omen diete rotuladore potoloei. Ipar Amerikan
hoover esaten diote xurgagailuari. Australian
frisbee esaten diete hondartzan jolasteko erabiltzen dituzten diska hegalari guztiei. Herri Beheretan
spa esaten diote ur mineralari...
Euskaldunok, ordea, ez dugu halakorik... Ez dut uste behintzat, eta benetan poztuko nintzateke oker nagoela erakutsiko balit norbaitek.
Euskal Herrira iritsi zen lehendabizikoa
Portland markakoa zelako edo
Portlandetik zetorrelako erabiltzen omen dugu “porlana” hitza. Hemen sortutako produktu eta
marka-izen generikorik ez daukagula uste dut, ordea.
Justu kontrako bidetik saiatu izan gara hemen, zoritxarrez, produktu eta izen sortzaileak asmatu beharrean, produktu ezagunei hiztegian dagoeneko bagenituen hitz arruntak jarriz izen gisa (itxi ziguten Egunkaria horren adibide).
Produktu berritzaileak asmatzen baditugu noizbait, izen euskaldun onak jartzen badizkiegu, eta gainera, euskarazko publizitate ona egiten badugu haiek sustatzeko, agian egunen batean hitz arrunt gisa jaso beharko ditu marka-izen batzuk Euskaltzaindiak Hiztegi Batuan.
Etorkizunean ez da hori irizpide kaskarra izango “normalizatu” ote garen ikusteko.
.- Hitz arrunt bihutzea lortu duten marka-izen ezagun batzuen gaineko artikulu laburra.
.- Izen generiko izatera iritsi diren marka-izenak, zenbait herrialdetako adibide ugarirekin.