Telebista eta irratirik piztu gabe eta eskutan egunkari eta aldizkaririk hartu gabe ibiliko bagina ere, publizitatez inguratuta biziko ginateke gaur egun: saltoki eta enpresetako errotuluak, kartelak, markesinak, hesiak, markak...
nonahi daude eta
uneoro.
Hiri-paisaia logotipoz eta komunikazio euskarriz josita dago, eta iragarleak beren publizitatea jartzeko leku berri eta aproposen bila ari dira.
Orain gutxi irakurri dudan
artikulu honetan diotenez, gero eta indar handiagoa ari da hartzen, esate baterako,
Indoor Advertising delakoa.
Kontsumitzaileengana heltzeko, haiek joaten diren lekuetaraino eraman nahi dituzte beren markak iragarleek. Horrela, esaterako, gero eta komun gehiagotan egiten dute publizitatea, aspaldi konturatu baitira oso leku aproposak direla komunak publizitatea egiteko. (Hona hemen
bat eta
bi adibide).
Inpaktu handia eskaintzen dute jatetxe, anbulategi, aireportu eta abarretako komunetan jarritako iragarkiek: mezuaren gatibu da han hartzailea (ezin du orrialdea pasa edo kanala aldatu eta iragarkira joaten zaizkio begiak ezinbestean), hogeita hamar bat segundu eskaintzen dizkiote kartelari gizonezkoek, pare bat minutu emakumezkoek, eta mezuaren eta hartzailearen arteko distantzia 50 bat zentimetrotakoa izaten da soilik.
Galdera bat behintzat sortzen zaigu halakoen berri jakinda: gizakion gune intimoak inbaditzen al dituzte iragarki horiekin?
“Komunean ere ez al gaituzte utziko bakean?!” esango luke batek baino gehiagok. Bestelako argudioak ere bota daitezke, ordea: ezer ez dagoen lekuan zer irakurria eskainiko digute, entretenitu egingo gaituzte agian, eta gainera:
Norbait kexatuko al litzateke komunean egunkari bat utziko baliote eskura? Eta koadro bat egongo balitz komunean? Eta komuneko taxak, ateak, paperak eta azulejoek marka handi-handian jarrita edukiko balute?...