Izenik ematen ez duen pertsona batek
iruzkin bat bidali dit blog honen aurreko mezura, galdetuz ea irakurri ote dudan Joxe Aranzabalek bere Faroa blogean idatzi duen
mezuaJuanito Oiarzabalekin
Euskadiko Kutxa egiten ari den kanpainari buruz.
Labur esanda:
Nik ez dakit mendian eta mendizaleen artean segurtasunaren paradigma izatetik gertu, urrun ala beste muturrean ote dagoen
Juanito Oiarzabal. Badakit, ordea, kaletar arrunta naizen aldetik, mendian asko ibilitakoa dela gizon hori, oso-osorik dagoela (ia), kanpainan erakusten dituen arnes horiek aukeratu eta erabiltzen badakiela eta beretzat segurtasuna gauza oso-oso garrantzitsua dela.
Publizitate agentzia bateko profesionala naizen aldetik, berriz, pobre samarra iruditzen zait kanpaina, erakargarritasun gutxikoa, bai irudi eta estetika aldetik eta bai,
protagonista segurtasunaren kontzeptuarekin lotzeko, erabili duten planteamendu kreatibo zuzenegi horregatik.
Dena dela, gehiengo zabalarentzat ezaguna den pertsonaia bat hartu dute, jendeak begi onez ikusten duena oro har. Menditik kalera jaitsi dute, bizi den lekura, banketxe baten laguntza behar duen mundu honetara, eta segurtasunarekin lotu dute.
Planteamendu estrategikoa zuzena iruditzen zait.
Eta gero, bada
Joxe Aranzabalen iruzkinean zeharo estimulantea iruditu zaidan pasarte bat: “Birritan salbatu dute in extremis, behin Iñurrategi anaiek, eta bigarrengoz iragan udan. Bietan erakutsi zuen kalkulu eskasa, lidergorik eza eta egozentrismo itzela.”
Hori hala bada, gizarte osoak hori jakingo balu, kanpainak are hobeto funtzionatuko lukeela uste dut. Juanito Oiarzabal “arrikutsua” bada mendian ez ezik, baita bere diru kontuak txukun eramaten ere, salbatuko duen norbait behar badu eta gainera, kalkulatzen ona ez bada, lidergoa falta bazaio eta egozentrismoa baldin badu, zer behar du ez bada banketxe on bat?