Nire artxibategia txukuntzen nenbilela, herenegun, blog honetara ezin egokiago ekar daitekeen
Anjel Lertxundiren beste artikulu batekin egin nuen topo paper zahar artean. Moztu nuenean datarik idatzi ez banion ere, orain zortzi-hamar bat urtekoa behar du izan egunkari-zatiak, El Mundon agertu baitzen.
Gauza asko aldatu dira ordutik. Egunkari hori gaur ez da orduan zena, adibidez; eta Anjel Lertxundik ez du bertan idazten aspalditik. Horrez gainera, –eta gure gaira itzuliz– esango nuke, artikuluan aipatzen diren adibide edo kasu konkretuak seguru asko dagoeneko zuzenduak izango ziren arren, oraindik, hala ere, funtsean berdin-berdin jarraitzen dutela Anjel Lertxundik beti bezain argi hemen azaltzen dituen ideia edo arazo nagusiek.
Iragarkiak arazo
Inoiz idatzi ditudanak berritzera noa: ez dakit nola funtzionatzen duten iragarki-agentziek. Ez dakit administrazioak, aurpegi hieratikodun dama hotz horrek, zein baldintzak ipintzen dizkion agentzia bati. Ez dakit administrazioak kontrolatzen ote dituen egunkarietako abisuak, irratietako jardunak, kaleetako paskinak eta hormetako iragarki dotoreak. Baina ez da oso abila izan behar zenbait prozeduren nondik norakoa asmatzeko.
Demagun iragarkiak elebidunak direla. Kasu guztietan iragarkiaren orijinala gaztelaniaz burutu da, ondoren euskara dezaten. Oso ondo ikusten da jokabide hori Unibertsitateko ikasketak nahiz kirolak iragartzen dituzten oharretan (hiruzpalau aldiz salatu dudana berritzera noa): gaztelaniaz datorren zerrenda ordenu alfabetikoan ikusiko dugun bitartean (atletismo, ciclismo, vela... arquitectura, medicina, química, veterinaria...), euskarazko zerrendaren ordenuak gaztelaniazkoa jarraitzen du (atletismo, ziklismo, bela... arkitektura, medikuntza, kimika, albaiteritza...).
Gaztelaniazko iragarki grafikoetan mezuaren gunea errespetazen da hitz bat destakatzerakoan (nuevo plazo a las BECAS). Euskarazko bertsioan gaztelaniazko gune grafikoaren morroin da iragarkia (epe berria BEKEI). Erdal irakurleak badaki bekak direla ohargai, mezuaren gunea errespetatu baita. Euskaldunak ez daki bekei hori zer den, surftaula baten marka berria, ala Berkeley unibertsitateko laburdura.
Itzuli beharreko testu soila ematen zaio itzultzaileari, beste aipamenik gabe: itzul ezak halako. Itzultzaileak ez daki –seguruena galdetu ere ez du galdetzen– halako hori zein kontestutan joango den, nolako soportea izango duen, zein izango den paskinean hitz eta esaldi bakoitzak beteko duen tokia.
Erdal iragarkien kontrola zehatza jarraitzen du kontratatzaileak. Ez du, ordea, euskarazkoenaren arretarik.
Iragarkia pentsatzerakoan, marketing-aren legeak jarraitzen diren bitartean, itzultzerakoan euskararen legeak jarraitzen dira (jarraitzen direnean), baina ez marketing-arenak.
Iragarkia pentsatzen dutenak, kontratatzen dutenak, itzultzen dutenak, (kontrolatu beharko luketenak?), aipatzen ditu Anjel Lertxundik. Agente aktibo gehiago ere bada, gainera, publizitategintzan, eta horrek berak bakarrik argi erakusten du iragarkiek euskararentzako arazo izaten jarraitu ez dezaten, baizik eta, aitzitik, euskara aberastu eta zabaldu dezaten, bere osotasunean heldu behar diogula euskarazko publizitatearen auzi honi. Nortzuk?
Oso ohar egokiak, benetan. Hala ere, Euskal Herriko Unibertsitateko adibideak aipatzean testuak dakarren paragrafo hau dela eta...
Euskal Herriko Unibertsitateko itzultzaileok esan behar dugu "seguruena galdetu ere ez du galdetzen" delako hori guztiz oker dagoela. Euskal Herriko Unibertsitateko itzultzaileok erabat jabeturik gaude zehaztu dituzun egokitzapen arazoez, eta zazpi ahalegin eta bi gehiago egiten ditugu itzulpen eta formatu egokia emateko behar den informazio guzti-guztia eskuratzeko. Ikusi, bestela, EHUko Euskara Zerbitzuaren webgunean itzulpenak enkargatzeko baldintzen gainean dioguna:
itzulpenak eskatzeko baldintzak
Bestalde, itzulpen zerbitzu honi lan bat eskatzen zaion bakoitzean, eskatzaileari honako mezu hau bidaltzen zaio euskaraz eta gaztelaniaz:
Ahaleginak ahalegin, baina, itzultzaileak ez dauka beti bere itzulpenari aztarna azken muturreraino jarraitzerik. Sarritan gauzak itzultzaileak ez dakiela aldatzen dira. Adibidez, berak helburu baterako itzuli duena beste helburu batekin erabiltzen dute gero berari inork ezer esan gabe, edo aurrez eman zaion informazioa ez da zuzena edo osoa izan. Batzuetan testuak egokitzeko mila esfortzu egin arren, gero testuak gaztelaniaz konfiguratutako programa informatiko batean sartzen dituzte, eta itzultzaileak ezin du, esaterako, euskarazko zerrenda bat ordena alfabetiko egokian jarri, programa informatiko hori ezin daitekeelako lokalizatu.
Akatsak badira, jakina, eta horiek zuzentzeko ahalegin guztiak egin behar ditugu. Alabaina, gauzak artez egitea ez dago beti gure esku, eta, batez ere, akatsok ez zaizkio zor itzultzaileak arazo honetaz jabeturik ez egoteari edo behar diren xehetasunak "ez galdetzeari".
Aurreko mezuan esteka bat txertatu nahi izan dugu, EHUn itzulpenak eskatzeko baldintzen berri ematen duena. Badirudi ez dela ondo zabaltzen, eta hemen kopiatuko dugu berriro: http://www.ehu.es/euskara-orria/euskara/gabinete/gabinete.htm
Kaixo, EHUko itzultzaileak:
Batetik, esan behar da, orain hamar bat urtekoa dela hona ekarri nuen Lertxundiren artikulu hori, blogean argi esaten dudanez. (Ez dakit garai hartan EHUn itzulpenak enkargatzeko garaian gaur egungo baldintza horiek jartzen ziren.)
Eta, bestetik, nik testuan zera gaineratzen dut: "esango nuke, artikuluan aipatzen diren adibide edo kasu konkretuak seguru asko dagoeneko zuzenduak izango" direla. Ez ezazue, beraz, zuen lanari egindako kritika moduan hartu pasarte hori, ez baitago horretarako arrazorik.
Testuan gero diot "oraindik, hala ere, funtsean berdin-berdin jarraitzen dutela Anjel Lertxundik beti bezain argi hemen azaltzen dituen ideia edo arazo nagusiek". Eta horrexegatik iruditu zitzaidan egoki hura berreskuratzea, funtsean errealitate izaten jarraitzen duelako egoera horrek.
Mila esker, dena dela, blog honetan parte hartzeagatik eta utzi diguzuen dokumentu interesgarri horregatik. Eskerrik asko benetan.
Ondo izan.
Kaixo, Iñigo:
arrazoi osoa duzu: testua arrapaladan irakurri eta ez ginen jabetu aspaldiko artikulu batez zenbiltzala; eta, era berean, arrazoia duzu esatean gauza askok bere horretan dirautela.
Guri dagokigunez, bakarrik azpimarratu nahi izan dugu askotan itzultzailea eskuloturik dagoela eta ez daukala prozesu osoa kontrolatzerik, egokitzapen arazoez oso jabetuta egon arren; eta sarritan, gaztelaniaz konfiguratuta dauden programa informatikoak itzuli behar izaten dituela, eta berak testua oso ondo egin arren, gero konfigurazio horrek hankazgoratu egiten duela haren lana.
Mila esker erantzunagatik eta ondo-ondo izan.