Liburu zinez erakargarria oparitu berri digu Joxerra Garziak komunikazioa aztergai, langai edo gozagai dugun guztioi.
Autoreak argi dauka:
Komunikazio kontuetan ezin bereizizkoak dira lana eta plazera. Komunikazioaz gozatzea da komunikazioa lantzeko modu bakarra. Komunikazioaz gozatzeko, aldiz, komunikazioa landu beste biderik ez dago.
Eta esaten duena erakusteko, ezin gusturago irakurtzen den liburu bitxia eskaini digu, jakingarria bezain gozagarria.
Are gehiago, ausartuko nintzateke esatera genero berri bat asmatu duela Joxerra Garziak: autore eskuliburua.
“
(Ahozko) Komunikazio Gaitasuna Lantzeko Eskuliburua” idatzi du, baina bere bizipen eta eskarmentuetatik, bere filia eta fobietatik, intuizio fuerte bat izan duela badakienaren konbentzimendutik (gure hezkuntza sistemari egiten dion kritika sendoagatik diot azken hori).
Kaxoi berean sartu ditu, ezin txukun eta egokiago antolatuta, bertsoak, poemak, sloganak, hitzaldiak, txisteak, iragarkiak, esaera zaharrak, artikuluak,… Guztiak baitira komunikazio jardunak, testuak, diskurtsoak.
Sinonimotzat erabiltzen ditut “erretorika”, pertsuasioa” eta “komunikazioa”. Ondotxo dakit “erretorika” hitzak ospe txarra duela, batez ere izenlagun moduan erabiltzen denean. Norbaiten jarduna “erretorikoa” dela diogunean, ganorazko ezer esan gabe ari dela esan nahi izaten dugu, artifizio eta amarru hutsezko jardunean ari dela, alegia. (…)
Garbi gera bedi, ordea, gaur egun ulertzen denaren kontra-kontrakoa adieran erabiltzen ditudala nik hemen “erretorika”, “erretoriko” eta gainerakoak.
Hemen, blog honetan bertan, arrazonamendu berbera baliatu izan dugu maiz (
1,
2,
3,
4,
5,...) euskaldun askok marketinari eta publizitateari buruz dituzten aurrejuzku ezkor eta kaltegarriak iraultzeko asmoz. Azaleko kontuekin, kosmetikarekin, iruzurrarekin lotu ohi dira marketina eta publizitatea sarritan; zernahiren alde edo kontra balia daitezkeen lanabesak baizik ez dira, ordea, "marketina", "komunikazioa", "publizitatea", "pertsuasioa" eta "erretorika", eta askok uste baino askoz sakon eta eraginkorragoak dira gainera.
Joxerra Garziak argi du:
Prestigio, ospe eta itzal handia ez ezik, arrakasta du publizitateak. Gogatzen gaitu, bai, baina baita entretenitu ere. Hobeto esanda: entretenitzen gaituelako gogatzen gaitu.
Nik ere argi dut. Hartu Garziaren liburua, eta
segi lasai zeure bidetik, komunikazioa gozatuz ikasi eta ikasiz gozatzen duzula.
Joxerra Garziak publizitatearen inguruan idatzi eta blog honetan jasotako beste batzuk:
.-
Euskararen kalitatea publizitatean.
.-
Publizitatea, diskurtsorik eraginkorrena.
.-
Ez merkeenak! Bai onenak!
Actio atalak oraindik irakurri gabe izan arren ordea, akziora pasatzen saiatu naiz ni. Hitzetatik ekin-hitzetara: gerora idatzi ditudanetan lehenengo unetik saiatu naiz aplikatzen liburu honetan irri eta zirri ikasitakoa.
Komunikazioaren domingeroa izanik ez dut zortzi milakoak burutzeko asmorik, baina gure inguruko tontor mitikoetara damurik gabe igotzeko aukera paregabea eskaintzen dit liburuak.
Ondo izan.
Zeintzuk dira ba "gure inguruko tontor mitikoak"?
Ongi etorri blogera, eta segi fin.
Gaurdaino ez dut zure erantzuna ikusi.
Ez nuen tontor zehatzik buruan. Txikia handiari eta hurbila urrunari kontrajarri nahi nion adierazteko, "jendaurrean hizlari" benetan dela egokia komunikazioa lantzen duen edonorentzako; izan ofizioz, afizioz edo bizioz.
Hurrengora arte.