Publizitatearen kontrakoa omen den
manifestu honek galizieraren aldeko diskurtsoa egiten du publizitatearen eremuan marka ospetsu askok erabili izan dituzten slogan ezagunak baliatuta.
Ariketa sortzailea iruditu zait zinez
manifestua, irakurtzeko atsegina oso, eta guztiz gomendagarria. Horregatik hauspotu nahi dut hemen.
Kontraesan bat sumatu uste dut, ordea, haren edukian: "
manifesto publicitario da língua" du izenburua, baina gero testuan adierazten denez, publizitatearen kontrakoa omen da manifestua ("
Este é um Manifesto da Língua contra a Publicidade e a Propaganda!)".
Zer da idatzia, orduan, hizkuntzaren aldeko "publizitate-manifestua" ala publizitatearen kontrako "hizkuntz-manifestua"? Bost axola dio horrek, jakina.
Ez dezala inork pentsa manifestuaren ahulguneak bilatzen ari naizenik edo hura kritikatu nahian nabilenik, publizitatea defenditzeko asmoz edo auskalo zergatik. Ezta hurrik eman ere. Hausnarketa interesgarriak eragin dizkit manifestuak, eta horregatik gomendatu nahi dut hemen haren irakurketa.
Hori bai, manifestua "publizitatearen kontrakoa omen" dela idatzi dut hasieran, publizitatearen kontrakoa dirudien arren, irakurleari oso bestelako ondorioak iradoki ahal dizkiolako, nire iritziz:
.- Publizitateak, hitz soilez, mezu indartsuak zabaltzeko ahalmena duela.
.- Publizitateak hizkuntza baten sustapenaren alde eraginkortasunen bat izan dezakeela.
Garaigoikoa blogean topatu dut bai manifestua bai haren sortzailea edo behintzat zabaltzaileetako bat den autorearen berri:
Séchu Sende.
Hariari tiraka, ikusi dut Séchu Sendek oso ondo dakiela publizitateak kapitalismoari arnas berria emateko eta helburu komertzialak lortzeko baino askoz gehiagorako balio dezakeela. (Ikusi besterik ez dago zernola erabiltzen duen berak
han eta
hemen).
Nabarmena da, gainera, aipatu idazle edo ekintzaileak badakiela sormena erabiltzen,
erakargarri izanda eraginkor suertatzeko: idatzi atsegin bezain sakon
honetan (hemen artikulu bera
euskaraz) edo beste artikulu ironiko
honetan eta
hartan ikus daitekeenez.
Sormena, ironia, inteligentzia, umorea, sinpatia. Horiek inportatuko nituzke Galiziatik (edo behintzat aipatu idazlearen lanetik). Ez dira osagai gatzgabeak hizkuntzaren alde egiteko. Dela manifestu bat edo artikulu bat idazteko, dela publizitate kanpaina bat egiteko, dela komunikazio jardun bat gidatzeko, dela euskararen inguruko edo euskarazko edozein ekimen, produktu edo dena delako sustatzeko. Sormena.
Funtseko tesiarekin guztiz ados nago. Hizkuntzak, defendatu partez, saldu egin behar dira, umorez eta asertibitatez. Hiztunok ematen edo kentzen diogu prestigioa hizkuntzari, gure bitartez dago hizkuntza gizartean. Hizkuntza batek gizartean duen pisua bere hiztunek dutenaren parekoa da, ez alderantziz.
Bestalde, ni ere bat nator hor esaten duzun guztiarekin, baina esango nuke askorako (eztabaida amaitezin baterako gutxienez) emango lukeela zure azken esaldiak euskaldun askoren artean...
Txerra, azalpentxo bat besterik ez badaezpada ere: sormena modu askotara erabili eta aplikatu daiteke. Gizarte eragile batek erabil dezake, adibidez, sarkasmoz sakoneko kritikak egiteko; enpresa batek erabil dezake publizitate sinpatikoa egiteko; erakunde batek bere diskurtsoa erakargarriago pertzibi dadin lortzeko... Hau da, sormena erabiltzeak ez du nahitaez "faltoia" izatea edo mezu "kabroiagoak" zabaltzera eraman behar.
Eta barkatu loturarena, zuzendu dut jada.
Ondo izan.
Baina itxaropena gal ezazue: euskara hizkuntza baino balio sakratu den edonorentzat ironia, banalizazioa eta bestelako traszendentzia galtzeak heretikoak dira. Onartezinak.
Eta ez da soilik ikuspegi kontua, umore eta sormen kontua, ez: euskal militzantziaren diagnostikoa okerra da, analitikoki, enpirikoki. Eta hona hemen albistearen alde ilunagoa oraindik: berdin zaie. Ez dezala errealitate maltzurrak nire betikokeri topikoak lausotu, neure biziza osoa ardatza hauen bueltan antolatu ondoren.
Badira, ordea -onartu behar da- ikuspegi kritiko samar batzuk: "baibaina..." eredukoak. Kritikak onartu, eta "bai baina..." batekin erantzuten dutenak. Ezinezko erdibidean moldatu nahi dutenak. Alperrik.
Bide batez, Iñigo, zorionak zure Blog honegatik. Zorionak, eta eskerrak.
Baina gauzak bestela ikusi eta egin nahiko genituzkeen euskaldunak ere bagara. (Gutxi? Asko?).
Eta horiei guztiei inoiz ez nieke esango itxaropena galtzeko. Aitzitik, indartu, motibatu egin nahi ditut guztiak.
Bide batez, zoriontsuago ere biziko garelako bitartean. Ni behintzat bai.
Ez dakit zein izango litzatekeen "erdibidea", baina horretarako, Jon Sarasuak “Golde aro” ausart bezain mamitsuan egin zuen hausnarketa ikusten dut abiapuntu bakar oraingoz.