Interpretazio asko eta askotarikoak egin dira Arestik “
Nire aitaren etxea” idatzi zuenean gogoan zer izango ote zuen asmatu nahian. Bi irakurketa egin ohi dira ordea, nagusiki, poema ezagunaren gainean: batzuen ustez, euskara da batik bat –euskal kultura– Arestiren “aitaren etxea”; euskal nazioa, berriz, beste batzuentzat.
Anjel Lertxundi: “Nago Arestiren proklamak euskara eta euskal tradizioa zituela gogoan. (...)
Harri eta herri eta Arestiren produkzio poetikoaren zati garrantzitsu bat euskaraz eta gaztelaniaz dago. Bietan, Arestiren etxean maitasunez kabitzen baitzen gaztelania ere”.
Beste iritzi batekoa da Koldo Izagirre,
Harri eta herriren hitzaurrean, “Nire aitaren etxea” poemaz ari dela hain zuzen ere: “Gure naziotasuna aldarrikatzen da poema horretan”.
Asko eztabaida daiteke gaiaz, jakina, baina hau ez da horretarako lekurik aproposena. Nolanahi ere, -eta blog honetako gaiari lotuta: zer aurpegi jarriko luke Arestik, gaur Donostian pasiatzen, autobus geltoki gehienetan dagoen publizitatea irakurrita?...
NIRE ETXEA. NIRE ERREINUA.
Ongi etorri zure etxeko errepublika independentera.
IKEA
Ironiak alde batera utzita, harrigarria da, bitxia, ezohikoa, deigarria, aste honetan Donostiako kaleetan gertatzen ari dena. Ez dut kale ikerketarik egin eta ez daukat datu zehatzik, baina esango nuke
euskara hutsean daudela Ikeak Donostiako autobus geltokietan dituen markesina guztiak. Bi iragarki ezberdin ikusi ditut, hogei bat markesina bai guztira, eta guzti-guztiak daude euskara hutsean.
Gertakari pozgarria da hori euskaldun patetikoontzat (lerro hauek idazten ari denarentzat bai behintzat). Are gehiago,
historikoa ere bada beharbada, euskarazko publizitatearen ikuspegitik, aste honetan Donostiako kaleetan gertatzen ari dena, ez baitut uste multinazional batek halako publizitate kanpainarik egingo zuenik sekula euskara hutsean.
Egunak daramatzate hizpide ditugun Ikearen iragarkiek Donostiako kaleetan, dozenaka dira, eta leku oso agerikoetan daude gainera. Ez dut inon irakurri haien gaineko iruzkinik, iritzi onik edo balorazio positiborik...
Zergatik gara hain “aktiboak” euskaldunak, euskararekiko begirune falta kritikatzerako garaian, eta hain “pasiboak”, euskararen normalizaziorako
eredugarriak diren jokabideak txalotu, goraipatu edo saritzeko? Gurea bezalako egoeretan jarrera defendatzailea areagotu egiten delako eta jarrera seduzitzailea herdoildu?...
Luze eztabaida daiteke gai horretaz ere, jakina, baina hau ez da horretarako lekurik aproposena. Bi gauzatarako balio nahi lukete lerro xume hauek:
bat, IKEAk aste honetan Donostian euskara hutsez publizitatea egiteko hartu duen erabakia txalotzeko (jakin dezatela lanparatxo bat gutxienez erosiko diedala horregatik bakarrik); eta
bi, euskalgintzan diharduten erakunde, gizarte-eragile eta gizabanakoak halakoak saritu eta publikoki txalotzera gonbidatzeko.
Joan den astean Aresti berbiztu balitz, ez dakigu zein pentsakera politiko izango ote lukeen gaur; poemarik idatziko ote lukeen; zer iritzi izango lukeen publizitatearen inguruan; erosiko ote lukeen azalera handiko saltoki guneetan... Nago, ordea, zeharo harrituta geratuko litzatekeela IKEA bezalako multinazional bat publizitatea euskara hutsez egiten ari dela ikusita, poztu egingo litzatekeela eta zer pentsatua emango liokeela.
Arestik zer esango lukeen iragarkiari buruz, harrigarria edo herrigarria den, esaten ez nuke jakingo.
Uda garaian atzerritarrez betetzen dira kapitaleko kaleak, euskal hiztunak are gehiago urritzen dira kaleetan. Iragarkiaren xede taldea ez da erdarez izango zena bezain handia, beraz, zein da helburua? Euskal hiztuenenganako hurbilpena? Euskaldunok halako azpiegiturekiko ditugun mesfidantzak arrakalatzea esanaz "zure hizkuntza bera hitz egiten dut"?
Eta gaia apur bat zabalduz, IKEAren etxea errepublika da, edo erresuma?
herri suma?
(Horiek nire desirak, nabarmena denez).
"Euskaldunok halako azpiegiturekiko mesfindantzak" ditugula?... Ez dakit ba ez ote zaren ari errealitatea eta desirak nahasten.
Nire ustez, egunotan Donostian dabiltzanak bainoago, donostiarrak ditu kanpainak xede-talde nagusi, ez baitirudi oporretara etorritakoek Barakaldoko Ikeara joko dutenik erosketak egitera. Zergatik kanpaina? Donostiarrak ez direlako joaten Barakaldoko saltokira hangoek nahi luketen bezainbeste? Zergatik euskara hutsez? Probatzeko? Marka bertakoagotzeko? Donostian eraginkorra izan daitekeelako (mezua erraz ulertzen denez)? EAEn egiten duten publizitate guztian euskarari eskainitako presentziaren portzentaia lotsagarria izan ez dadin?... Auskalo zein den errealitatea.
Azken hitz jokoa gustatu zait gehien: zer ote litzateke "herrisuma" ("erresuma"-ri kontrajarrita)?...
Hor saia gaitezke desirak nahasten.
Garenaren eta izan nahi dugunaren artean gabiltza beti borrokan, eta azkenean izan nahi ez duguna gara.
Bada, oso berri ona da.
Ikea euskararen erabilerari dagokionez inondik inora eredugarri ez den arren, edota horregatik prezisamentian.
Hots: soilik etekin ekonomikoari eta ez besteri erreparatzen dion multinazional batek euskara hutsezko publizitatea egitea, non eta gure Ñoñostian, oso seinale ona da. Ni ere asko poztu naiz ba, ze arraio!
Eta zorionak blog honengatik. Oso interesgarria duk!
Gure izaera marmartiaz dioanarekin, ados. Gogoratzen honekin? http://www.sustatu.com/1150117823
"...ez baitut uste multinazional batek halako publizitate kanpainarik egingo zuenik sekula euskara hutsean" diok eta, diot nik, multinazional ez diren enpresa pribatuek (edo kapital nagusia EHn duten multinazionalek) egin al dute bada horrelakorik?
Mertzi, IKEA.
Hik lanpara, nik behiak jezteko aulkia.
Eskerrik asko benetan zuen hitzengatik. Pozgarria ez ezik, motibagarria ere bada halakoak jasotzea.
Segi fin.
Artikuluko bi galderak berdin-berdin utziko nituzke. Baina orain, indar are handiagoa hartzen dutela iruditzen zait.
Kontua da zergatik erabaki ote duten kanpaina euskara hutsean egitea... Eta beldur naiz ez ote garen geratuko, zoritxarrez, benetako arrazoiak jakin gabe.
Kanpainaren xede-taldea, (euskal) abertzaleak...
Publizitate kanpaina honek "Zumarrekoak" Osteguna aldizkariarentzako diseinatutakoaren arrakasta bera lortuko al du?
Bestalde, irakurri gura nituzke euskaldunok patetikoak garela esateko arrazoiak, nik ez baititut euskaldunak patetikotzat ez bada euskaldun batzuk eta horien kasuan hizkuntzak ez dauka ezelango errurik ezta eraginik ere.
Hizpide dugun kanpaina ez da txalogarria beste batzuetan begirune gutxi erakutsi dutelako?... Ez nago ados. Kexa asko jaso dituztelako jokatu dute horrela Ikeakoek? Ez dut uste ezta ere, bestela irtenbide politikoki zuzen bat hautatuko luketeelako (kanpaina ele bitan egitea, adibidez), baina auskalo.
.- Euskararen inguruan gizartean dauden jarrera ezberdinak sailkatzeko Atxagak hiru herritar mota bereiztu zituen (patetikoak, sinpatikoak eta antipatikoak). Egokia iruditzen zait bai sailkapena bai hura izendatzeko ironia puntua, eta horregatik erabiltzen dut.
Erreklamazioek soilik ez dute lortuko euskara hutsezko kanpainarik, baina erreklamaziorik gabe ez dago zalantzarik inoiz ez ditugula ikusiko.
artikulua irakurri ondoren, egin dudan hurrengoa gauza hauxe izan da: Euskararen Behatokiak duen www.euskararentelefonoa.com helbidean zorionen atalean IKEAri buruzko aipamen idatzi.
Hainbat alditan kexa izeneko atalean idatzi egin ditut nire iruzkinak, hemen Iruñeko antzoki publiko batekin ditudan komeriak direla medio, baina oraingoan, zurekin guztiz ados egonez, zuk diozun mezua helarazten saiatu naiz.
Ez dakit euskararen behatokian ezagutzen duzun baina jakin dezazun, dena frogatu ondoren, IKEAri zorion gutun bat bidaliko diotela euskararen normalizazioan egin duen urratsa aipatuz. Beraz, euskararekiko dituen kexekin batera hau ere aztergai izanen dute.
Egoki ikusiz gero, gauza bera egin dezakezue.
izan ongi eta segi horrelaªªªª
(Esango didazu beste batean zein izan ziren hitzaldi hartan egin nituen "aipamen desegoki" pare hura).
Segi fin.