Berdinak diren bi produktu, ezberdin pertzibitzen baditu jendeak, ezberdinak dira. Bi produktu ezberdin, berdinak balira bezala pertzibitzen baditu jendeak, berdinak dira bi produktu horiek.
Xede-taldearen gehiengo zabalak pertzibitzen duena da errealitatea. Eta errealitate hori aintzat hartuta abiatu behar du bere komunikazio ahalegina haiengan eragin nahi duen edonork.
Zer da garrantzitsuago enpresa edo produktu baten kalitatea ala haren kalitateaz jendeak duen pertzepioa? Aurrenekoa bezain garrantzitsua bada, gutxienez, bigarrengoa, kalitaterik gorenenak ere ezer gutxi balio baitu ez bada egoki komunikatzen, jendeak ez badu hainbestekotzat jotzen.
Bi-biak behar dira, jakina, arrakasta lortzeko:
produktua, kalitate neurgarria, “errealitatea”, batetik; eta bestetik, berriz,
marka, kalitate pertzibitua, sentsazio onak.
Presente eduki behar da, informazioz gainezkako gizarte honetan, heuristikoak direla sarritan gure ondorioztapenak. Azkar eta azaleko gorabeheratan oinarrituta ateratzen ditugu ondorioak askotan, eta beraz, salgai dugunaren inguruko pertzepzio bat edo beste eragiteko, erabakigarria da hasieratik produktuaren
posizionamendua eta irudia egoki lantzea. (Eta “produktua” hitzak, hemen behintzat, berdin balio du auto bat, musika talde bat, erakunde bat edo dena delakoa adierazteko).
Jakin egin behar da erabakitzen -ez baita batere erraza- nola pertzibi gaitzaten nahi/behar dugun (
posizionamendua, alegia), argi baitago zein den helburua: komunikagai dugunaren inguruan xede-taldeak izan dezala transmititu nahi diogun pertzepzioa, edo haren ahalik eta antza handiena duen bat.
Marketinaren hastapenetan uste zuten produktua saltzea zela komunikazioaren zeregina; haren alde onak nabarmenduz, produktua zen bezalaxe komunikatzea. Orain, ordea, gero eta argiago dago produktua ez dela den horixe soilik. Hartaz esaten dugun guztia ere bada produktua; hau da,
produktua egin ere egiten du komunikazioak, hartzaileak hartaz izango duen pertzepzioa baldintzatzen duen heinean.
Produktu-izenak, markak, packaging-ak eta publizitateak asko baldintzatzen dute jogurt batez pertzibitzen dugun zaporea.
Denda baten itxurak, antolaketak, argiztapenak, han arnasten den giroak, nabarmen baldintzatzen dute bertan salgai dauden produktuez egiten dugun pertzepzioa.
Ideia edo mezu batzuk gizarteratzeko baliatzen diren pertsonen janzkerak, hizkerak, tonuak, estiloak eta abar eragin zuzen-zuzena du jendeak ideia edo mezu horien inguruan egingo duen pertzepzioan.
Pertzepzioen munduan mugitzen asmatu behar du komunikazioari ahalik eta etekin handiena atera nahi dion edonork, eta birtualtasun horretan, “ke saltzaile” sentitu izan gara euskaldunak askotan, gezurretan edo jendea engainatzen ibiliko bagina bezala; oraindik behar bezala ulertu ez dugulako pertzeptzioa dela “benetako errealitatea” .
Arrazoi galanta Iñigo, ez da batere batere erraza.
Horregatik, gauza batzuk ezin dira gutxi gorabehera egin, aurrera joan ahala zuzenbideratzen joan ahalko balira bezala.
Komunikagai duguna (produktu bat, gure bloga, geure burua,...) nola pertzibi dezaten nahi/behar dugun lehenbailehen erabaki eta zehaztu ostean, jakin egin behar da gero pertzepzio hori indartzen eta harekin koherentea izaten, egiten ditugun komunikazio ahalegin guztiak norabide berean joan daitezen, indarrak metatuz.
Zein da, esaterako, Trapero Telebistaren posizionamendua? Haren arduradunak nola nahi luke jendeak pertzibitzea? Zer da "benetan" titb?
Interneteko euskarazko lehen telebista katea? Traperok -interneten ekimen handikoa den gizon interesgarri? zorrotz? xelebre? berezi? guapo?... batek- internet bidez hedatzen duen telebista kate pertsonala?
Tematikoa? Ala gai asko eskaintzen dituena, baina formato berean guztiak (busto parlantea)?
Interneten dabiltzan euskaldun guztiei zuzendua? Ala haietako batzuei bereziki?
Zuzeneko emanaldiak (ere) egiten ditu? Egutegi zehatz bat jarraituz?
Zer onura eskaintzen di(zki)o hura kontsumitzen duen ikusleari?
Zein tonu eta estilo motatan jarduten du eta zeinetan ez litzateke sekula jausiko?
Zer helburu du Trapero Telebistak?
...
Galdera horietako askoren erantzuna argi ez daukadan arren, Trapero Telebistaren ikusle fidela naiz, produktuak harrapatu nauelako.
Produktua ona izan arren, ordea, komeniko da hura sustatuko bada noizbait (mundura zentzutasuna eta xarmantasuna zabaltzen saiatzeko, adibidez), haren posizionamendua egoki zehaztu eta hedatzea. Ezta?
Prest naukazu, Patxi.
Segi fin;-)
Trapero Telebista
http://traperotb.blogspot.com/
Galdera hoiei gutxigorabehera erantzuten saiatuko naiz, inori lagungarri izango zaiolakoan, asmo horrekin batez ere, baina baita nik esandakoren bat zuzendu nahi bazenu ere, beste zerbait ikasteko helburuz.
Nere kasuan, Trapero Telebistan, ez da egon orri baten gainean egindako eskemarik, posizionamendua zehazten zirriborrorik, hartutako aukera edo ildo jakinik. Ideia pare bat baino ez:
Nola nahi det jendeak pertzibi nazan? Ba… Trapero gisa. Lehenbiziko mezua izan zana ikustea besterik ez dago. Ez da inundik ere landua, ez konposaketa, ez jantzia, ez argia, ez testua… Hurrengo mezuekin ere berdin xamar. Korrika eta presaka egindakoak dira, aurrez estudiatu gabeak, beratzen utzi gabeak danak; idatzi, grabatu, ikusi, desastrea ez dala egiaztatu, eta argitaratu.
Nere asmoa, zera erakustea da:
- Ni gai banaiz, zu nola ez zera ba gai izango? Ez da zaila hau hobetzea!
Jendea animatzea da nere helburua.
Kamaren aurrean nolabaiteko edo erabateko erreztasuna dutenak; edo aparteko trebetasunik ez izan arren, nik hartzen dedana baino denbora gehiagoz, beren bideomezuak landu eta produktu borobil bat atera nahi luketenak; baita nere moduan ibili nahi luketenak ere, fast-food formato hankamotz frexko honetan (frexkoegia batzuetan…)
"Traperok -interneten ekimen handikoa den gizon interesgarri? zorrotz? xelebre? berezi? guapo?... batek- internet bidez hedatzen duen telebista kate pertsonala?"
Hoooooorixe bai. Hori bai definizio zehatza! ;-)
"Tematikoa? Ala gai asko eskaintzen dituena, baina formato berean guztiak (busto parlantea)?"
Busto parlante, bai horixe! Denborarekin, horretara jarrita, makina bat gauza egin litezke, baina esan bezela, helburua, kalitatezko gauza aberats bat egitea baino, formatoa bera erakustea da, bere gordinean gutxigorabehera.
"Interneten dabiltzan euskaldun guztiei zuzendua? Ala haietako batzuei bereziki?"
Jakina, batzuei bereziki. Komunikatzeko grina dutenei, gehi, nere orriaren irakurleei. Oso jende interesgarria.
"Zuzeneko emanaldiak (ere) egiten ditu? Egutegi zehatz bat jarraituz?"
Zuzeneko emanaldiak, gutxi batzuk egin ditut, desorduetan beti. Stickam zerbitzu paregabea erakusteko helburuz batipat. Gehiago egiteko asmoa baneukan, baina hainbeste gauza egiteko asmoa baitaukat! Ez naiz denera iristen, ezta asmorik ere jakina.
"Zer onura eskaintzen di(zki)o hura kontsumitzen duen ikusleari?"
Esan bezela, beste batzuk animatzea, has daitezen: "nik baldar honek baino hobeto egin dezaket, seguro!"
"Zein tonu eta estilo motatan jarduten du eta zeinetan ez litzateke sekula jausiko?"
Tonua, oso zibilizatua. Estiloa, Argiñano eta Hasier Etxeberriaren tartekoa. ;-)
Realitirik ez, adibidez, nahiz egin, egin nezake. Anaiak bere portatil zaharra oparitu dit: Nere bizimodua grabatu nezake. Gran Trapero. 24 orduak.
Nik beti defendatu izan det, euskera bultzatzeko ikaragarri mesedegarria izango litzatekeela zabarkeriarik gabeko Gran Hermano moduko bat, baina nere militantismoa ez dijoa hain urrutira, zorionez/zoritxarrez.
"Zer helburu du Trapero Telebistak?"
Nork bere burua erakusteak, asko laguntzen du nork bere burua dan bezelakoa onartzen, adibidez. Denborarekin kamarari diozun bildurtxoa kentzen dezu. Konfidantza irabazen dezu, eta bizitzan mesedegarri zaizu. Nik asko nabaritu det hori, blogintzan hasi nintzenetik. Bideoekin hasi nintzenetik are gehiago. Oraindik sueltoago egoteko asmo sendoa daukat, naturaltasunean irabaztekoa, eta lortu egingo det, zalantzarik gabe.
Asmo potoloagorik, momentuz ez behintzat.
"Galdera horietako askoren erantzuna argi ez daukadan arren, Trapero Telebistaren ikusle fidela naiz, produktuak harrapatu nauelako."
Ni orokorrean nere buruarekin nahikoa aspertuta nago, etengabe bainago berarekin, ez du ni harrapatzea lortzen (oso gutxitan). Norbait nerekin edo nik egindakoekin harrapatzea, eta zergaitik harrapatzen dedan, misterio bat izango da beti neretzako. Pozgarria hala ere, zalantzarik gabe.
"Produktua ona izan arren, ordea, komeniko da hura sustatuko bada noizbait (mundura zentzutasuna eta xarmantasuna zabaltzen saiatzeko, adibidez), haren posizionamendua egoki zehaztu eta hedatzea. Ezta?"
Bai, halaxe da. Inoiz nere helburua trapero telebistan zentratzea bada, galdera guzti hoiei erantzun beharko diet. Kalitatezko produktu bat erakutsi eta sustatu nahi duen edonork egin beharreko ezinbesteko galderak dira.
Hain zuzen, egitasmo berri bat daukat buruan, eta galdera hoiei erantzuten saiatzen ari naiz. Izugarri zaila zait posizionamenduarekin asmatzea! Horregatik utzi nuen erantzuna.
Oso gogo onez onartzen dizut eskeintza, nola ez ba. Ea ez dizudan denbora askorik lapurtzen.