Asko hitz egiten da publizitatearen kontra. Publizitateak du, askok diotenez, gaur egungo gizartean bizi ditugun gaitz ugariren errua: kontsumismoa, egoismoa, matxismoa, anorexia,... Horiek guztiak eta gehiago ere bultzatzen eta betikotzen omen ditu publizitateak.
Beharrak sortzen ditu publizitateak, desio artifizialak. Informazioa manipulatuta, engainatu egiten gaitu sistematikoki. Nonahi eta etengabe egiten digu eraso, ez digu begirunerik, intrusiboa da zeharo.
Kontsumo arbitrarioa eta konpultsiboa sustatzen du. Erosteko ahalmen handia ez dutenengan frustrazioa eragiten du (delinkuentzia kasu askok kontraste hori dute jatorrian, erosi nahi eta ezina). Kontserbadurismoa betikotzen du. Pasio lohienak indartzen ditu: inbidia, harrokeria, arinkeria, klasismoa, aberaskeria...
Hitz batean esateko, ikuspegi horren arabera: publizitaterik gabeko mundua hobea litzateke seguru, gizatiarragoa. Publizitaterik gabeko mundua posible balitz behintzat...
Asko dira sarean,
hemen adibidez, topa daitezkeen publizitatearen kontrako taldeak.
Consumehastamorir.com-ekoek, adibidez, publizitatearen kontrako iragarkiak sustatzen dituzte, haiek
nola egin irakatsiz,
hau edo
hura bezalako adibideak eskainiz, halakoekin
erakusketak antolatuz eta abar.
Publizitatearen kontrako
brigadista frantzierrek ere
komunikazio ekintza bereziak eta
iragarkiak egiten dituzte publizitatearen aurka jotzeko.
Adbusters-ekoen
lanak bihurtu du ezagun mundu osoan publizitatearen kontrako publizitatea. Eta genero bat da honezkero
kontrapublizitatea.
Paradoxikoa dirudien arren, beraz, publizitatearen kontra eraginkortasunez ekiteko,
(kontra)publizitatea egiten dute talde horiek.
Hau da, publizitatea kritikatzeko, publizitatea iruditzen zaie tresna apropos eta eraginkorrena.
Eta bestela, publizitatearen sektoreko intelligentsiari deontologia praktiko bat sustatu eta aplikatzeko eskatzen diote, artikulu
honen amaieran egiten den bezala.
Asko kritikatzen da publizitatea, baina ikus daitekeenez, kapitala dutenek kapital gehiago lortzeko egiten duten publizitatea da kapitalismoaren kontrakoek deitoratzen dutena. Inork ez du publizitatearen eraginkortasuna zalantzan jartzen.
Joxerra Garziak "
Ez merkeenak! Bai onenak!” liburuaren hitzaurrean ondo dioenez:
kultur eta gizarte erakunde alternatiboak ere aspaldi jabetu dira komunikazio eraginkorrak (marketinaren eta publizitatearen irizpideen araberakoak, alegia) duen garrantziaz.
Sistema kapitalistaren poesia da publizitatea, Joseba Sarrionandiak idatzi zuen legez. Eta hori hala da poetikak eraginkortasun handia duelako, Bernardo Atxagak behin eta berriz azpimarratzen duen bezala.
Publizitatearen kontra zer egin daiteke, orduan? Publizitatea. Poesia poesiaren kontra.
.- Euskaraz ere egin da kontrapublizitatea.
.- Kontrapublizitatearen inguruko artikulu bat.
.- Kontrapublizitate adibide gehiago.
Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan. Joseba Sarrionandia.
Eta guk kluba sortu genuen, noski. Irudia egitea ez zitzaigun asko kosta. Biibao Bizkaia Kutxaren logoa hartu, eta erraz egin genuen...
kamisetak atera eta afitxetan logoa jartzen genuen...
geroztik urte batzuk pasatu dira, liburuak, aldizkariak, cd bat... denetarik.
Ez da denbora alferrik joaten.
Ez zitzaidan zuen logoaren adibidea otu artikulua idatzi nuenean.
Ez duzue RSS jariorik eskaintzen, eta ondorioz, ez daukat argitaratzen duzuen guztiaren berri; baina orain ikusi dut publizitatearekin duzuen harremana ez dela soilik logoan geratzen:
http://euskalherria.indymedia.org/eu/2004/07/15744.shtml
Segi dezala denborak alferrik joan gabe.